XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) goizeko ordu hartan, italiar arrantzaleak, gomazko botak jantzita, itsasora ateratzekotan zebiltzan han.

Arrazakeria nagusitu zitzaion Dannyren zentzuari.

Mehatxu egin zien arrantzaleei.

Siziliar sasikume deitu zien, eta Uharteko kartzelako hondakin, eta Zakurren zakurren zakur.

Oihu egin zien, Chinga tu madre, Piojo.

Sudurra zirikatu zuen eta keinu lizunak egin zizkien gerri azpia seinalatuz.

Arrantzaleek irribarre besterik ez zuten egin, arraunak jaso eta esan, Kaixo, Danny.

Noiz joan zara etxera?

Zatoz gugana gauean.

Ardo freskoa daukagu.

Danny mindu egin zen.

Garrasi egin zuen, Pon un condo a la cabeza.

Besteek esan zioten, Agur, Danny.

Gaua arte.

Eta txalupetara igo ziren, arraunean egin zuten arrantzontzien aldera, motorrak piztu eta traka-traka itsasoratu ziren.

Iraindua sentitu zen Danny.

Alvarado kalean gora joan zen atzera, kalea zeharkatu ahala leihoak apurtuz; bigarren etxearen parean polizia batek atxilotu zuen.

Legeari begirune handia ziola eta, isilik joan zen Danny.

Alemaniaren gaineko garaipenaren ondoren armadatik etorri berria ez balitz, sei hilabeteko zigorra izango zuen.

Baina orduko hartan, hogeita hamar egun besterik ez zion eman epaileak.

Horrela bada, hilabete eman zuen Dannyk Montereyko kartzelako kamainan.

Batzuetan marrazki lizunak egiten zituen paretetan, eta besteetan bere karrera miltarrean pentsatzen jarduten zuen.

Denboraren zama astuna gertatzen zitzaion Dannyri, han, udal kartzelako ziegan.

Noiz edo behin mozkor bat sartzen zuten gauerako, baina gehienetan krimenaren mundua ez zen oso oparoa izaten Montereyn, eta Danny bakarrik sentitzen zen.